EKONOMIA SOZIAL ETA SOLIDARIOAREN II KONGRESUAREN 6 ARDATZAK MARTXAN DAUDE (BILBO)

Jada jakingo duzunez, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren II Kongresua martxan dago eta Bilbon ospatuko da 2016ko azaroaren 10-11-12an, “Ekonomia Solidarioaren hedatzea. Ekonomia eraldatzeko garaia da!” lelopean.

Programa itxura hartzen doa eta, kasu honetan, ahobizarra kentzen joateko, kongresuaren bigarren edizio honek gai zentraltzat edukiko dituen 6 ardatzak aurkeztu nahi dizkizugu:

1. Ekonomia inklusibo eta demokratikoa

Egunez egun ikusten dugu nola sortzen duen ekonomia kapitalistak gero eta bazterketa, desberdintasun eta bidegabekeria gehiago, behar besteko kontrol politikorik eta herritarren kontrolik gabe. Inklusiorako gaitasunak «huts» egiten duenean, eredua bera da huts egiten duena. Ardatz horri jarraituz, gaur egun sortzen ari diren hainbat alternatiba aztertuko ditugu: ekonomiaren eta zergaren alorrekoak, antolamenduari eta/edo lanen banaketari eta enpleguaren sorrerari dagozkionak, eta giza eskubideen alorrekoak. Eta, era berean, gogoeta egingo dugu ekonomia sozial eta solidarioaren ikuspegitik egitura mailan zein pertsonekin eta lurraldeekin egiten den lanari dagokionez, ekonomia bidezkoagoa, inklusiboagoa eta iraunkorragoa izan dadin balia ditzakegun proposamenei buruz; izan ere, era horretara bermatuko zaie herritar guztiei beren gizarte eskubideak gauzatzeko aukera izango dutela.

2. Ekonomia solidarioa izango da, feminista baldin bada

Ekonomia Sozial eta Solidarioak (ESetaS) eta Ekonomia Feministak kritikatu egiten dute, biek, nagusi den sistema ekonomikoa, bai eta sistema horrek errealitatea interpretatzeko oinarri hartzen dituen hipotesiak ere. Kritika horren bitartez, “beste ekonomia bidezkoago bat” eratzearen alde egiten dugu; elkarren mendekotasunean, elkarrekikotasunean, jardunbide demokratiko, parte-hartzaile eta gardentasunekoetan oinarritutako beste harreman ekonomiko batzuen alde, pertsonen arteko zuzentasuna izanik gure jardunbidearen ardatz zuzendaria eta garrantzia emanez Bizitzarako beharrezkoak diren lan guztiei.

Lotura sendoak daude, beraz, bi ekonomia kritiko horien artean, eta bide horretatik jarraitu nahi dugu aztertzen eta ikertzen, ESetaS indartuko duten ekarpen berriak sortzeko, baina, era berean, gure jardunak feminismoetatik abiatuta sendotzeko, eta, era horretara, horien gaitasun eraldatzailea sendotzeko helburuarekin.

Lan teoriko batetik abiatuta, baina euskarri horietan oinarrituta lan egiten duten ESetaSaren alorreko esperientziak eta ekimenak agerraraziz, ESetaS eta Ekonomia Feministaren arteko harremanak eta kontzeptuak sendotzen ahaleginduko gara, eta, orobat, ahaleginduko gara gogoeta egiten bi horien arteko elkarrizketa egituratzen jarraitzeko moduari buruz, gizarte ez sexistak eta heteropatriarkalak eraikitzeko helburuarekin.

3. Potentzia eta mugak gaindituz. Ekonomia Sozial eta Solidarioaren ehun produktiboaren eratze, garapen eta eraldaketa.

Ekonomia Sozial eta Solidarioaren ehun produktiboak aurrerabide handia izan du azken urteotan. Alabaina, ezinbestekoa da jauzi kualitatibo eta kuantitatibo bat egitea, hartutako posizioak sendotzeko, eta, orobat, hedatzeko balioko duena, modu eraginkorrean zabalduz gizarte osora.

Jauzi hori zailtzen duten oztopoak eta mugak identifikatzea eta aztertzea da ardatz horren helburu nagusia (beldurrak, tabuak, antsietateak, estereotipoak, ohiturak, araudiak, paradigma nagusiak…), horiek gainditu eta ezabatzeko helburuarekin. Gutako bakoitzaren mugak (pertsonak, erakundeak, merkatu espezifikoak), taldearen mugak eta gure testuinguru sozioekonomikoari dagozkionak kontuan hartuta lan egitea.

Hautemandako muga eta oztopoekin mapa bat sortzea eta aukerak eta mugarriak zehaztuko dituen bide orri bat sortzea da geure buruari jarri diogun erronka, horrela lortuko baitugu, modu eraginkorrean, horiek gainditzea eta etorkizunari begira proiektatzea. Era horretara lortuko ditugu Ekonomia Sozial eta Solidarioan gora egiteko eta gehienontzat desiragarria eta egingarria izango dena normalizatzeko gakoak.

4. Ondasun Komunak eta Ekonomia Sozial eta Solidarioa

Ardatz horretatik abiatuta, komuna denaren ikuspegiak bere baitan duen kutxa ireki eta askotarikoari buruz gogoeta egitea proposatzen dugu, lurraldeei, jakintzei eta harreman eta kudeaketa mota desberdinei begiratuz.

Trukatzea, eztabaida egitea eta eraikitzea proposatzen dugu, komun berrien eta tradizionalen arteko interakziora jotzea, oztopoak nabarmenduz eta Ekonomia Sozial eta Solidarioarekin batera XXI. mendean komunitate berri baterantz aurrera egiteko estrategiak eta zubiak eraikiz.

5. Herritarren bat-egitea eta Ekonomia Solidarioa: egitura kooperatibo zabalak, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren eraikuntzan

Azken urteotan, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren (ESS) baitan hainbat ekonomia alternatibo sortzen ari direla ikusi dugu. Ezaugarri nagusi bat dute guztiek: beren sorreraren eta kontsolidazio dinamiken arabera, beharrezkoa da gizarte kapital sendoen arteko sareak eraikitzea, milaka pertsona eta erakunde lotuko dituztenak, lurralde eskala zabaletan. Horien artean, aipatzekoak dira finantza etikoko egitura kooperatiboak, energia berriztagarrien ekoizpenean eta merkaturatzean oinarrituak, kontsumo agroekologikokoak… Ezaugarri hori ez da soilik iraunkortasun ekonomikoan oinarritutako arrazoien bitartez azaltzen, bilatzen duten erantzun sozial motaren eta eskaintzen duten eraldaketa proposamenaren bitartez baizik. Era horretara, ekimen mota horiek, balio ekonomikoa ez ezik, balio politiko nabarmena hartzen dute, eta ESSarentzat eta gizartea aldatzeko haren proposamenarentzat aukera argia da, eta ESSak ongi ulertu eta bultzatu behar du hori.

Ardatz tematiko horretan, Ekonomia Solidarioaren baitan sortutako dinamika mota horiei buruz egin nahi dugu gogoeta, hainbat alderdi aztertuz, besteak beste, horien gaitasuna ESS osoaren baitan edota nortasuna galdu gabe egitura zabalak sortzeko premiak eragiten dituen erronkak. Era berean, gizarte merkatuaren balioa eta haren erronkak aztertuko ditugu, ekimen horiei esparru bat eskainiko dien egitura egonkor baten moduan (baina ez bakarrik horiei, noski), eta horiek merkatu hori sendotzeko prozesuari ekar diezaioketen balioa.

6. Ekonomia berri baterako trantsizioak, mundu iraunkorrago batean.

Petrolioaren gailurrak, klimaren ondoriozko errefuxiatuak edota bioaniztasunaren galera dira erauzte eredu orokorrari loturiko makrogaiak, eta horiek eragin zuzena dute etxeko ekonomian eta eguneroko ekonomian. Edonola ere, herritarrean erresilientzia handitzen ari da makro arriskuen gainean, hainbat faktoreren ondorioz: aurreztea eta etxean energia eta baliabideak modu eraginkorrean erabiltzea, hirigintza bioklimatikoan eta bioeraikuntzan oinarritzen den eta ekoizpen industrialaren planteamendu zirkularrarekin orekatua den oinarriaren gainean. Ekoherrixken bitartez, cohousing komunitateen bitartez, kontsumo taldeen eta elikaduraren, energiaren edo hezkuntzaren subiranotasunaren alorreko mugimenduen bitartez ari zaio aldaketa klimatikora egokitzeko eta bioaniztasuna zaintzeko bideari irtenbidea bilatzen, nazioarteko politika handietatik haratago. Ardatz hori izango da Biltzarreko nagusia, eta horren inguruan elkartuko dira trantsizio komunitarioko esperientziak, zein bere eredu agroekologikoekin, landa edo hiri eremuaren birsorkuntzaren alorrekoekin, edo ekonomia urdinekoarekin; horiek guztiak gai dira maila orokorrean eragiteko, baina tokian tokiko jardunen bitartez.

Informatzen jarraituko dugu! 😉